BERDETIK HORIRA Alkate andrea, Euskaltzainburu jauna, agintariak, euskaltzainak, etxekoak, jaunandreak, egun on. Ohitura da sarrera hitzaldian bi atal egitea. Lehenean, aurretik aulki hori zuenaren gorazarrea egiten du euskaltzain berriak, bigarren atalean nork berak egoki deritzon gaia azaltzen du, betiere, euskararekin lotura duena. Hogeita zazpigarren aulki hau, aurretik ez zuen inork, Euskaltzaindiak, berriki arte, hogeita hamar ez, baizik eta hogeita lau euskaltzain besterik ez baitzuen, ez dagokit bada, aurrekoaren gorazarrea egitea. Hala ere, bi atal eginen ditut. Lehenean Etxalekuz, euskara eman didan herriaz, eta transmisioaz ariko naiz. Bigarrenean berriz, helduen euskalduntzeaz, ardatz gisa IKAko Arturo Campion euskaltegia harturik.
ETXALEKU. TRANSMISIOA. Imotz udalerrian dugu Etxaleku. Mugako herria hizkuntzari dagokiola, izan ere, nire gaztaroan, Imozko Eraso, Oskotz, Latasa eta Urritza edo Basaburuko Ihaben, Udabe, Beramendi eta beste zenbait erdalduntzat genituen, bertan jende asko euskalduna izan arren. Muskitz, Zarrantz, Goldaratz eta Etxaleku berriz, Imozko herri euskaldunak ziren.
1