E U S K A R A Z L A N E A N
Dozena bat gomendio testua zuzentzeko Ez dago edabe magikorik egun batetik bestera zuzentzaile aditu bihurtzen gaituenik; gainera, horrek ez du, seguru asko, zertan gure helburua izan. Nolanahi ere, hona hemen gomendio batzuk idazkiak berrikusteko eta zuzentzeko. Eta batzuk diot, izan ere ez ditugu hemen sartuko komunikazioari, testuaren antolaketari, diseinuari eta horrelakoei buruz nork bere buruari dokumentua idazterakoan etengabe egin behar dizkion galderak: kontuan izan dut hartzailea? Edukiak hurrenkera logikoan aurkeztuta daude? Idazki erakargarria eta irakurterraza idatzi dut?...
1
Urrezko araua: oro har, testu batek ez du balio, lehen irakurraldian ulertzen ez bada, eta, beraz, berriro idatzi behar dugu. Beste modu batean esanda: idazki bat ulertzen ez bada, erruduna ez da irakurlea, idazlea baizik, izan ere ez gara gauza izan ideiak argi eta garbi aditzera emateko.
2
Idazki guztiek ez dute zuzenketa bera eskatzen: zenbat eta luzeagoa, korapilatsuagoa edo garrantzitsuagoa izan idazkia, orduan eta zorrotzagoa gure lana. Alde horretatik garbi dago ez dela gauza bera hiruzpalau lerroko ofizio bat begiztatzea edo milaka lagunek irakurriko duten liburu bat inprimategirako prestatzea.
3
Aukera izanez gero, testu bat idazten amaitu, eta zuzentzen hasi arte, tarte bat pasatzen uztea komeni da. Labetik atera berri den idazkia argia iruditzen zaigu gehienetan, ulergarria, ondo idatzia; hozten denean, berriz, zalantzak sortzen dira eta baita gaizki-ulertuak ere. Kontuan izan hau: zenbat eta tarte luzeagoa utzi testua amaitzen denetik zuzentzen hasten garen arte, orduan eta eraginkorragoa gure zuzenketa; ondo azalduta zirudiena, egunak pasatu ahala, ilun, aspergarri eta exkax bihurtzen zaigu.
4
Zuzentzaile ortografikoak izugarrizko laguntza ematen digu azaleko zuzenketak egiteko orduan. Dena dela, ez zaitez gehiegi fida: batzuetan zuzenak diren hitzak zuzentzen dizkigu; beste batzuetan akats nabarmenak beren horretan uzten ditu; eta larriena: edukiak eta testuaren antolaketa ukitu ere ez ditu egiten.
5
Idazkia luzea bada, ona da (begientzat, behinik behin) inprimatzea eta pantailan ez, baizik eta paperean zuzentzea.
6
Irakurri testua boz goraz, askotan gertatzen baita “ikusi” ez dugun akats bat gerora “entzutea”.
7 8
Eutsi koherentziari zuzentzeko orduan. Erabaki baten alderdi on eta txarrak hausnartu ondoren erabakia hartzen bada, sendo gorde behar dugu testuan barrena, irizpideak behin eta berriro aldatu gabe. Kontraesana ematen badu ere, begiek txikikerietara jotzen dute maiz, garrantzirik gabeko akats txikietara, begi bistakoak izan beharko luketen okerretan erreparatu ere egin gabe. Gomendio bat: ez begirik kendu, ez izenburuei, ez tamaina handiko hitzei, ez zenbakiei, ez hilen izenei eta horrelakoei, hortxe ezkutatzen baitira hanka-sartzerik potoloenak.
9
Burutik behatzetarainoko zuzenketa egiteko astia dugunean, hau da, “lupazko” akatsen bila gabiltzanean, bada teknika interesgarri bat: testua zuzendu “ulertu” gabe, arreta ez galtzeko. Horretarako, hitzez hitz irakurri behar da; are gehiago: batzuek atzekoz aurrera irakurtzen dute.
10
Kontuz ibili zuzenketak garbira pasatzerakoan, ez dadila gerta paperean egindako lan ona itzulipurdika geratzea, zuzenketok ordenagailura eramaterakoan hanka sartu dugulako.
11
Betiere kontuan izan laguntzarik eraginkorrena beste pertsona batek emango dizula. Laguntzaile horrek irizpide berriekin egingo dio aurre idazkiari, zuk topatu ez dituzun akatsak aurkituko ditu, eta ideia berriak emango. Bigarren pertsona hori ondo aukeratzea garrantzitsua da: testuak jorratutako gaian aditua den batek edukiari buruko iruzkinak egingo ditu; hizkuntza gaitasun ona daukanak idazkiaren hizkera eta estiloa hobetzeko gomendioak emango dizkigu; azkenik, gaiarekin zerikusirik ez duen lagun batek edo lagun-talde batek informazioa eman dezake gure idazkerak izan dezakeen harreraren inguruan (irakurgarritasuna, kontu ilunak, interesa…).
12
Azken oharra (eta ez garrantzi gutxiagokoa azkena izateagatik): une batetik aurrera, zuzenketaren zuzenketaz, nekatu egiten da zuzentzailea. Onar ezazu: ez dago testu perfekturik. Joseba Lozano
HAEEko Administrazioko Hizkeraren arduraduna
ADMINISTRAZIOA
EUSKARAZ
12