NEGUA 2011
Basque Writing 4 IRAKURLE KLUBAK Literaturzaleen Iraultza 2003an sortu zen lehenengotariko Irakurle Kluba, Larrabetzuko Literatura Eskola hain zuzen, Euskal Herriko herri txiki batean. Bultzatzaileek plazaratu zuten agirian esaten zutenez, “irakurtzen ikasi gura dugu, leiduten duguna ulertu. Jakin gura dugu erakutsi diguten literatura establezitutik haratago ezer idatzi den, nork idatzi duen eta zergatik; nork erabakitzen duen zer den benetan literatura, zer esan eta esan behar dion euskal literaturak munduko literaturari.” Bihotz Bakartien Kluba izenpean bildu ziren literaturzaleek, irakurlearen iraultza aldarrikatzen zuten: “Bihotz Bakartien Klubak irakurlearen matxinada aldarrikatu du bere sorreratik, irakurlearen parte hartze aktibo barik literatura agoniara kondenatuta dagoela uste dugulako. Horixe da Larrabetzun Literatura Eskola antolatzearen arrazoia. Literatura aktiboa aldarrikatuz, bermatuko dugu eskolak biziak izatea, oso dinamikoak, eztabaidak nagusi izatea, dakitenen eta ez dakitenen arteko etengabeko hartuemona eta inork pentsatzen duena esan barik ez geratzea.” Ordutik hona dozenaka talde, klub eta txoko sortu dira han hemenka, 30 inguru herri eta auzotan. Formula antzekoa izaten da beti: hilean behin bildu egiten dira liburu bera irakurri duten literaturzaleak eta, dinamizatzaile baten gidaritzapean, liburuaz eztabadaitu eta solasa egiten dute. Noiz edo behin egilea gonbidatu egiten dute liburuaz mintzatzeko eta, honela, bakartia den jarduera sozializatzeaz gain, literaturgintzaren zikloa itxi egiten dute, idazleari luxuzko feed-back eskaintzen diotela. Ondorengo orrietan esperientzia horietariko batzuk bildu dira. Ez dira denak, baina bai esanguratsuak: Hitzen Uberan webgunean jaso egiten dira literaturaren inguruko albiste guztiak. Ibilaldi Literarioak antolatzen dira nobela batean deskribatzen diren lekuak bisitatzeko. Ea-ko Poesia Egunetan herrikide guztiek hartzen dute parte antolaketan eta ekitaldi literarioetan. Ahotseneak jarduera literario paraleloa antolatzen du gero eta kutsu komertzialagoa duen Liburu Azokaren inguruan. Idazleen Elkarteak Idazleak Ikastetxeetara eramaten ditu irakurle gazteenek kontaktu zuzena eduki dezaten egilearekin. Irakurbide Feministak
!
begirada berriaz heltzen dio testuari, feminismotik begiratuta. Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Berriozarko esperientziak azaldu dira azkenik. Klubetako bi partaideren iritziak jaso ditugu. Eta, amaitzeko, Hasier Rekondo kazetariak Isa Castillo dinamizatzailea elkarrizketatu du. Isa Castillok urteak daramatza jarduera honetan eta egun zazpi Irakurle Klubetan egiten du koordinazio lana. Helburua, beti lez, sinplea eta zuzena izan da: euskal literaturaren talaiatik ekarpen txikia egitea PEN idazle komunitateari. Atsegin handiz.
Laura Mintegi Euskal PENeko lehendakaria
PAGE 1