Azokari gainez egin dion azoka bat
Jendetza bildu du Durangoko Azokaren bigarren egunak. Sarbidea kontrolatzen aritu dira antolatzaileak goizean, eta beteta egon da arratsaldez ere. Azokaren gune guztietan igarri da joan-etorri hori.
<Hau urtero izaten da horrela?>. Landako gunearen kanpoaldean ilaran euripean ordu erdi pasako itxaronaldia egin eta fero, sartzeko atari-atarian egin dio galdera azokako langileari bisitarietako batek. Aspaldiko betekadarik handienetako bat izan du Durangoko Azokak bigarren egunean. Goizetik hasita bete da Landakoko eraikina, eta sarbidea kontrolatzen eman dute eguna azokako langileek. Ilara luzeak izan dira sarrera guztietan, eta, bazkalordu inguruan, ordubetetik gorako itxaronaldia ere egin behar izan dituzte bisitariek sartu ahal izateko. Azokaren gainerako guneetan ere igarri da jario hori, eta, agian, inoiz baino argiago ikusi ahal izan da haren kultur eskaintzak ere nola gainditzen duen salmahaien gunea.

Karrika antzerki taldeak San Agustin antzokiko eserlekuak ia beteta daudela eskaini du Hurrengo geltokia antzezlana Szenatokia gunean. Barreak eragin ditu autobus baten zain dauden pertsonaia batzuei buruzko bost minutuko esketxak lehenik, eta minutu bete pasako txalo zaparradaren eta publikoa agurtzeko bizpahiru sartu-irteren ostean, berriz barreak, antzezleen esker hitzen esketxa hastean. <Eta bueno, hau izan da gure ikuskizuna>. Esker gahiago. <Esan genuen work in progress batekin gentozela, eta, bueno, hau da gure emaitza>.