Skip to main content

Glenda León - Artelanei buruzko informazioa

Page 1


GLENDA LEÓN

ISILPEKO HITZAK

2003

Horman txertatutako liburu beltza Neurri aldakorrak

Liburu beltz bat halako moldez dago horman txertatuta, non ezin baita edukia ikusi. Erreferentzia egiten die adierazpen-askatasunik ezari, zentsurari eta informazioaren manipulazioari: botereak ezarritako isiltasunari.

HARAGIZKO JOKOAK

2016

Pintura akrilikoa silikona gainean, zura eta belusa 4 x 30 cm

Dado pare bat, giza azala imitatzen duen silikonaz eginda. Ohiko puntuen ordez, orinak margotu dira. Horrela, azala jokorako motibo bihurtzen da, maitasun-harremanen ikuspegitik uler daitekeen metafora.

JOKO-ZELAKIAK

2015-2024

Koltxoi eta pintura akrilikoa

Joko-zelaia (futbola), 2015 / Joko-zelaia (igerilekua), 2024 / Joko-zelaia (saskibaloia), 2024 135 x 200 x 20 cm u/b

Joko-zelaiak seriean, elkarren ondoan jarrita daude ohe bat eta kirol-eremu bat, eta horrek hainbat esanahi iradokitzen ditu. Izan daiteke intimitatea bizitzan garaipena lortzeko estrategia gisa hartzen dutenei egindako aipamen bat. Era berean, erreferentzia egin diezaieke, lankidetzak izan ordez, lehia eta gatazka bihurtzen diren harremanei. Gainera, ohea joko erotikoen agertoki edo metafora politiko bat izan daiteke. Bertan, lehian dauden bi naziok lurralde komun bat partekatzen dute.

SELFIEA

2019-2026

Mugikorrak, selfie-makilak

270 x 220 x 10 cm

Instalazio honek ikuspegi ironiko batetik heltzen dio autorretratu garaikidearen fenomenoari. Hemen, selfiemakiletara lotutako telefono mugikor batzuek artistaren silueta eratzen dute, eta forma ematen diote autorretratu teknologiko bati.

Piezak aipatzen ditu une oro erregistratzeko gaur egun dagoen premia larria eta gailu horiek ematen duten autonomiaren paradoxa: jada ez gaude bestearen mende argazkietan ateratzeko, eta horrek, aldi berean, subjektuaren (edo turista modernoaren) bakardadea areagotzen du. Era berean, lanak hausnartzen du gailu horien agresibitate sotilaz eta espazio publikoaren inbasioaz, masiboki ugaltzen direnean.

UDAKO AMETSA (ZERUERTZA ILUSIO BAT DA)

2012-2026

13 argazki + bideoa Neurri aldakorrak

Ideia George Brecht-en 3. zk. mapa (Miami eta Habanaren arteko ezkontza) collagetik sortu zen. Modu gizatiarrago eta ludikoago batean hurbiltzen da bi herrialde horiek —eta bereziki hiri horiek— mende eta erdian zehar izan dituzten harremanetara. Itsasoa igerileku batekin bateratzen duenez, bainularien proiekzioa eta pertzepzioa eraldatzen dira. Igeri egiteak alde batera uzten du ohiko esanahia (entretenimendua edo kirola), eta berriz elkartzeko eta behartutako hesiak hausteko ekintza bihurtzen da. Azken finean: zeruertza ilusio bat da.

ABERRIA

2023

Patria idazmakina, hortzak 9 x 27 x 30 cm

Historian barrena aberriaren izenean eta defentsan gerrak piztu dituzten diskurtso oldarkorren alegoria bat da idazmakina. 2003an artistak hasitako serie baten parte da obra. Esku hartutako idazmakinen serie honekin, idatzizko adierazpena keinu sortzaile gisa aldarrikatzen du, eta, aldi berean, diskurtso, estilo eta pertsonalitateen ugaritasuna onartzen du.

ARIN BIDAIATZEA

2016

Goma, altzairu herdoilgaitza, Yogui Tea poltsa 35 x 170 x 85 cm

Bizitzako bidaia idealak –obraren parte den Yogi Tea poltsatxoan inprimatutako esaldiak iradokitzen duenez–existitzeko filosofia bat laburbiltzen du: “Bizi arin, bidaiatu

GLENDA LEÓN

arin, zabaldu argia, izan argia.” Itxuraz erraza den esaera horrek asmo sakon bat biltzen du: munduan barrena atxikimendurik gabe ibiltzea, iraunkortasunik eza ulertzen duenaren arintasunarekin. Gonbidapen bat da alferrikakoa den horretatik askatzeko eta arintasuna onartzeko barneargitasuneko egoera gisa. Arin bizitzeak eta bidaiatzeak berekin dakar desioen dentsitateari ez eustea, eta argiarekin aurrera egitea, gure baitan bizi den funtsezko hori hedatuz.

MUNDU POLITIKOA

2025

Kanal bakarreko bideoa, 9’ 44”

Mundua gero eta polarizatuago dago, eta ematen du sen ona galdu egin dela. Bideo honetan, artistak absurdora eramaten ditu mutur ideologikoak –ezkerrekoak zein eskuinekoak–: lehenik, dena mugitzen da ezkerrerantz; gero, irudi berberak eskuinerantz joaten dira. Gainera, obrak iradokitzen du dena dela erlatiboa: ikuspuntuaren arabera, mugimenduaren norabidea modu guztiz kontrajarrian uler daiteke. Bestalde, pieza ohartarazpen bat da adimen artifizialari buruz.

TXIMELETA-EFEKTUA

2023

Brontzezko eskultura

Katrina urakana (2005eko abuztua) eta monarka-tximeleta (Danaus plexippus) 100 x 170 x 60 cm

Benoit Mandelbrot-ek galdera hau egin zion bere buruari: “Zenbat neurtzen du Britainia Handiko itsasaldeak?”. Eta, azkenean, fraktalen teoria eta formula aurkitu zituen. Berak bezala, artistak naturari begiratu dio, eta antzekotasunak aurkitu ditu patroien artean, hala nola tximeleta baten hegaldiaren trazuaren eta urakan baten ibilbidearen artean. Lan hau froga bisual bat besterik ez da, erakusten baitu elementu horiek energia berak sortu zituela, baina proportzio desberdinetan adierazita. Energia komun hori onartzean, jakingo dugu elkarrekin erlazionatuta dagoen osotasun baten parte garela, eta bere zatietako bat kaltetzen dugunean, geure burua kaltetzen ari garela.

IKUSEZINARI BURUZKO SERIEA

2026

6 oihal

Tinta zetaren gainean

187 x 128 cm

Itxialdian bildutako datu zientifikoetatik abiatuta, lerro hauek errebelazio gisa aurkezten zaizkigu. Urrutitik ikusita, ematen du paisaia bera direla, mendialde baten ostertza. Hurbiltzean, berriz, ohartzen gara bakoitzak jatorri desberdin bat duela. Pertzepzio horrek bisualki egiaztatzen du dena konektatuta dagoela: ibai bati forma ematen dion energia tximista bat sortzen duen bera da. Patroi unibertsal hori artistaren obran behin eta berriz agertzen den motibo bat da. Ikusezina dena ikusarazteko artistaren etengabeko bilaketa islatzen du.

DENBORAREN FORMAK SERIEA

2023

10 pieza

Calatoraoko marmol beltza

Neurri aldakorrak

Benoit Mandelbrot-ek galdera hau egin zion bere buruari: “Zenbat neurtzen du Britainia Handiko itsasaldeak?”. Eta, azkenean, fraktalen teoria eta formula aurkitu zituen. Berak bezala, artistak naturari begiratu dio, eta antzekotasunak aurkitu ditu patroien artean, hala nola uharte baten inguruaren eta tximista baten artean, tximeleta baten hegadaren trazuaren eta urakan baten ibilbidearen artean, gorputzeko zainen eta ibaien artean, eta aurreko lanetan islatuta utzi dituen beste hainbat lotura. Lan hauek froga bisual bat besterik ez dira, erakusten baitute elementu horiek energia berak sortu zituela, baina proportzio desberdinetan adierazita. Energia komun hori onartzean, jakingo dugu elkarrekin erlazionatuta dagoen osotasun baten parte garela, eta bere zatietako bat kaltetzen dugunean, geure burua kaltetzen ari garela.

ISPILATZEA (SASIAKAZIKOA)

2026

Adarra, aluminioa, LED argia

430 x 120 x 60 cm

Ispilatzeak seriea lotura estua du Benoît Mandelbrotek fraktalen teorian garatutako autoantzekotasun nozioarekin. Eredu matematiko horrek bide bat eskaintzen du naturaren konplexutasun agortezina ulertzeko. Zenbait patroi errepikatu, eraldatu eta eskalaz aldatzean adarkatu egiten direla dioen

GLENDA LEÓN

ideiak elkarri sakon lotutako osotasun bat iradokitzen du, eta abiapuntu bat proposatzen du naturaz eta harekin lotzeko dugun moduaz pentsatzeko. Lan honetan, adar bat eta tximista bat elkarren isla gisa agertzen dira, eta azaleratzen duten antzekotasunak jatorri komun bat adierazten du: forma desberdinetan agertzen den energia bera. Une eseki bat da —ia magikoa—, zeinean errealitate arrazoitua eta errealitate irrazionala elkartu, eta elkarren gainean jartzen diren, eta, sortzen dituzten irudiak, ustekabekoak izan arren, guztiz sinesgarriak eta ezagunak diren.

ZUHAITZ BAT BASOAN ERORTZEN

BADA II

ENTZUN HEGADALDIA ENTZUN

2026

MENDIAK (GORBEIA)

Gitarren sokak, larakoak, zura, pintura akrilikoa 122 x 200 x 7 cm

Artistak musika-tresnen osagai batzuk erabili ditu naturako formak edo esaldi bat irudikatzeko edota elementu natural baten luzapen gisa. Soinu-obrak dira, ikusleak edo musikari batek aktiba ditzake, eta ekintza hori sinbolikoa izango da: mendiak, txoriak, zuhaitzak entzuten eta jotzen arituko gara. Natura entzutearen metafora bat, hain premiazkoa garai hauetan.

ISPILATZEA (IDEA LEUCONOE)

2026

Hauts-kaxa, tximeleta, organza 8 x 16 x 1 cm

Serie honek aurrez aurre ditugun arazoen sorburuetako bat islatzen du. Ez da ageriko hondamendietan oinarritzen, baizik eta haien sustrai ikusezinean: gizateria naturarengandik urrundu da eta, ondorioz, bere buruarengandik ere bai. Adar baten, ispilu bateko pitzadura baten eta tximeleta baten hegalen nerbioen arteko antzekotasunaz ohartzean, eta, orobat, tximista baten eta zuhaitz baten artekoaz ohartzean, energia bera agertzen da, forma, une eta eskala desberdinetan adierazita. Kontzientzia horrek gogorarazten du elkarren artean konektatutako osotasun baten parte garela, eta elementu bakar bati kalte egitea, azken batean, geure buruari kalte egitea dela. Obrak, beraz, bisualki egiaztatzen du dena konektatuta dagoela: zuhaitz bat sortzen duen energia tximista bat sortzen duen bera da. Patroi unibertsal horrek erakusten ditu unibertsoaren orekari eusten dioten korrespondentzia ezkutuak.

MUNDUA PIANORAKO INTERPRETATUTA

2024

Disklavier pianoa, 214 orri lerrodun sabaitik zintzilik, partitura, atrila

Osaera: Kiko Faixas

Neurri aldakorrak

2006an, artista ikerketa bat egiten hasi zen mundua sortu zuten jainkoek hainbat erlijiotan zuten izenei buruz. Hasieran 150 bildu zituen, eta, geroago, 214. Izen horiek Braille sistemara itzuli, eta nota musikal bihurtu ziren, piano automatiko batek jotzeko. Ondoriozko obran, Braille izenak dituzten partitura-orriak sabaitik esekita daude, eta pianoak itzulpen horretatik eratorritako melodia jotzen du. Aspalditik, gizakiek uste izan dute beste zerbait gurtzen dutela jainko jakin bat gurtzean edo erlijio bati jarraitzean. Itsutasun orokorra dago, jainkozko boterea berbera baita unibertso osoan. Izenak eta haiei jarraitzeko moduak dira desberdintasun bakarra, baina ezikusia egin zaio horri. Jainkoaren izenak soinu bihurtzeko ekintza hitzak desegiten dituen keinu bat da. Guztiok kide garen eta sinesmenen sorburu izan den esentzia izendaezin horretara itzultzen ditu. Keinu horrekin saiatzen da mundua mendeetan izan dituen interpretazio okerretatik sinbolikoki askatzen. Erreferentzia egiten dio gizadiak izan duen eta gerrak sortu dituen itsutasun espiritual gero eta handiagoari. Kantu bat da espirituari, mundua ezagutzeko modu irrazionalari.

ZERUKO GORPUTZAK

2017-2026 14 lan

2 argi-kaxa, mihise bat, 2 mihise, 4 mihise Tximeleta-hegalen hautsa argazki-paperaren gainean

Zeruko gorputzak lanean, artistak elementu ñimiño bat erabiltzen du —tximeleta-hegalen hautsa— auzi ontologikoak eta epistemologikoak pizten dituen bidaia metamorfiko bat proposatzeko. Hurbilketa-maila eta eskala desberdinen bidez tximeleta bat aurkitzeko eta deseraikitzeko ekintza ia zientifiko bat eginez, irudimenezko paisaiak irudikatzen ditu. Kybalionen bigarren axioma hartzen du oinarri –“goian denez, behean da”–, naturaz, haren indarraz eta presentziaz hausnartzeko, gu kide garen osotasun banaezin horren zati gisa.

Obran tximeleta-hegalen hautsaren erabilera lan-ildo baten barruan sartzen da, hain zuzen, errealitatea baliabide tradizionalen bidez irudikatzea zalantzan jartzen duen eta material ez-konbentzionalak —bere ilea, loreak, lumak, kasete-zintak, txikleak edo harea— erabiltzen duen ildoan.

GLENDA LEÓN

Horrela, bitartekoa mezu bihurtzen da, Marshall McLuhanek bere idatzietan adierazitakoa baino zentzu analogikoago batean. Era horretan, tximeleta ‘ahula’ esaten diogun baina ‘hauskorra’ besterik ez den horren ahalduntzearen sinboloa da. Kasu honetan, baliabide naturalen ustiapenaren inpaktu negatiboak areagotzen du hauskortasun hori.

FANTASIAZKO GAUA

2004

Diamante faltsuen uztaitxoak horman txertatuta

400 x 300 cm

Kuban, bitxi artifizialei “fantasiazkoak” esaten zaie. Beltzez margotutako horma baten gainean, artistak diamante faltsuen uztaitxoak txertatu ditu, izar-mapa bati jarraituz. Horrela, izarren kokapen zehatza eta haien tamaina ere irudikatu ditu. Obrak gogora ekartzen digu gure mundua eraikitzeko dugun ahalmena eta, batez ere, gu geu mundua garela. Magia ez dago bakarrik liluratzen gaituzten naturako gauza eder horietan, geure baitan ere badago, magiko bihurtzeko dugun ahalmenean.

HABITAT

2004

Ohea, belar artifiziala, ehuneko inprimaketa digitala, hormako inprimaketa digitala (wallpaper)

300 x 243 x 243 cm

Habitat lanean, ohea, amets egiteko eta harreman sakonak –geure buruarekin eta besteekin– izateko dugun espazio intimoa, agertoki bihurtzen da, naturarekin bat egiteko eta Lurrak ematen digun bizi-energia gogoratzeko. Horrela, obra ikuspegi biozentriko batean dago, osotasun integratu baten parte gisa kokatzen baikaitu, eta gonbidatzen baikaitu naturara zentzumenez —ez arrazionalki— hurbiltzera. Erakusten du narriadura ekologikoa gure buruari egindako zauri bat dela, eta naturan murgiltzea proposatzen du goratze espiritualerako bide gisa. Bestalde, ohearen espazio intimoan fikziozko mundu natural bat irudikatzean, bizi eta eraikitzen dugun munduaren benetakotasunaz galdetzen du. Beraz, Habitat lanak kritika egiten dio artifiziala denak —elikagaiak, lurrinak, modak— eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa izateari, aurrez fabrikatutako imitazioek jatorrizkoa ordezkatzen baitute. Orobat, ohartarazten digu errealitate erosoak baina bizitzaren esentziatik deskonektatuak bizitzeko dugun gaitasunaz.

CONVERSIO

2026

Performancea

5 erlijio-jantzi, burdinazko kakoak

Kanal bakarreko bideoa 11’ 25”

Musika: Richie Hawtin (Plastikman)

Koreografia: Laura Ramírez Ashbaugh

Aspalditik, gizakiek uste izan dute beste zerbait gurtzen dutela jainko bat gurtzean edo erlijio bati jarraitzean. Itsutasuna dago, jainkozko boterea berbera baita unibertso osoan. Izenak eta haiei jarraitzeko moduak dira desberdintasun bakarra, baina ezikusia egin zaio horri.

Pertsona erlijiosoak erritmo berean dantzan irudikatzean, guztiok kide garen esentzia izendaezin horretara itzuli nahi da. Keinu horrekin mundua ulertzeko modua baldintzatu duten interpretazioetatik askatzen saiatzen da. Orientazio espiritualaren galerari emandako erantzun bat da, alferrikako gatazkak ekarri baititu. Kantu bat da espirituari, mundua ezagutzeko modu irrazionalari.

Bost dantzari, bost erlijiorik praktikatuenen (kristau, musulman, judu, hindu eta budistaren) arropa adierazgarriaz jantzita, mugimendu sinkronizatuak egiten hasten dira, Richie Hawtin-en musikarekin. Mugimenduak sinkronizatzen dira eta, aldi berean, deseraiki egiten dira, klub-dantza bateko mugimendu bihurtu arte. Prozesu horretan, arropak traba egiten duenez, erantzi egiten dituzte. Zenbat eta gehiago sinkronizatu, orduan eta gehiago hurbiltzen da estasira haien jarrera. Gero, meditazio-egoera batean sartzen dira, eta egoa disolbatu egiten da.

ETENALDIA

2000

Kanal bakarreko bideoa 52”

Kontraesana dago lebitatzearen irudi magikoaren eta hiria atzean dela urratsen soinuak irudikatzen duen errealitatearen artean. Irudimenaren eta errealitatearen, etereoaren eta lurrekoaren, haurren eta helduen arteko kontraesana bezalakoa da.

Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Glenda León - Artelanei buruzko informazioa by Azkuna Zentroa Bilbao - Issuu